Lau partida baino ez dira jokatu Antiguako pilotalekuan; oso goiz da, beraz, benetako ondorioak ateratzeko, baina apunte batzuk ematea ez da hain arriskutsua.
Pilotazaleek atsegin handiz ikusi zuten abuztuaren 4ko jaialdia; txapelketari zegokion lehendabizikoa zen. Maila interesgarriko partidak izan ziren biak ala biak; orekatuak, tanto txalogarriak eskaini zituztenak.
Promesen sailean, ondo aritu ziren Larrazabal-Gamboa, galtzaileak, nola Olaetxea-Lizeaga, irabazleak. Behar bada joko gehixeago espero zitekeen Borja Gamboarengadik, pilota gutxi galtzen duen horietakoa da eta. Dena den, asko nabarmendu zena Astigarragako Ekain Lizeaga izan zen. Tatxarik gabeko partida eskaini zuen.
Nagusien sailean, nahiz eta galtzaile irten, Iker Espinalenak izan ziren tantorik txalotuenak. Asko estimatzen da Antiguan bere jokoa. Ikusleen artean bat baino gehiago joan zen Andoni Gaskueren jokoa zertan den ikustera; Larraintzarren jaiotakoak, honek ere behar baino tanto gehiago galdu zuen…
Bigarren egunean, abuztuaren 5ean, gure ustez, Unai Mata nabarmendu zen. Egia da, Iker Elizegik eskainitako laguntza ere estimagarria izan zela, baina txalo-txaloak Matari eskaini zitzaizkion.
Lehenbiziko egunean 138 ikusle sartu ziren pilotalekuan; dezente geratu ziren sartu gabe, protokoloak horrela eskaturik. Eskerrak partida guztiak YouTuben ikusteko aukera dagoen: youtube.com/c/AntiguakoPilotazaleko
Lezon ez omen dute aurten txapelketarik izango, Zarautzen Zaporra Torneoa ere ez…