Esaerak dio bigarren zatiak ez direla sekula onak irteten. Aste honetako bi jaialdiak aztertu ondoan, bistakoa da esan hori ez dela beti oso zuzena gertatzen, ez duela beti beti asmatzen.
Gogora ditzagun astearteko kontuak: Fernández-Ibarlozari egundoko jipoia eman zieten Unai Alberdi-Morgaetxebarriak. Pilotazaleen animoak lurjotzera etorri ziren 22-4koarekin.
Arratsaldeak susperraldia, piztualdia, poza, baikortasuna eskatzen zuen bigarren partidari begira. Eta oparo ekarri zituen Mata-Aizpuruk eta Expósito-Irazustabarrenak lehiatutakoak. Norgehiagoka erabat borobila izan zenik ezin aitortuko dugu, baina berdintasuna eta emozioa gainezka izan dituela ukaezina da. Eta ikusleak estimatu egin zuen laukoaren jarduna. Azkenean, hogeita bana zeudelarik, Matak ezkerreko paretaz goitik botatako pilota batek erabaki zuen hauzia: 22-21.
Asteazkeneko jaialdira hurbilduz, oso antzeko eskema izan zuen. Lehenbiziko partidan, Oskoz-Santamariak ez zuten errukirik izan Olaetxea-Garaño menderatzerakoan: 22-9. Partida honetan ere atzeko kuadroetara jokatzeak ekarri zuen garaipena. Gaur gaurkoz, Intza Garaño gazteegia da hogei urte ongi beteta dauden Oskoz eta Santamariarentzat.
Gatozen bigarrenera. Orain arte jokatu direnetan hoberena izan ote zen Julen Alberdi-Odriozolak eta Elola-Apezetxeak eskainitakoa? Litekeena da. Jokoa eta emozioa behar izaten dira ikuslegoa kontentarazteko, eta alde horretatik begiratuz gero, partida aberatsa gertatu zen. Hiru berdinketa: 13na, 16na eta 18na. Eta azkenean: 22-20 J. Alberdi-Odriozalaren aldera. Gustagarria partida, behar bezala umotutakoa, ikusleen gozamenerako. Julen Alberdi maila oso onean, Imanol Odriozola seguruaren anparoan.
Eta hurrengoa asteak puntu asko argituko ditu, argitu behar digu. Horren zain gaude guztiok.