Izar distiratsua, bi pilotari berri eta ametsak betetzea zer den

Antiguako pilota txapelketa amaitu berri den honetan, azken txaloak arestian isildu baitira,  inork eska ote dakiguke balantze sakon eta zabal bat egin dezagun. Ez dut uste. Pilota jokoa, jokoa den aldetik, lehiaketa bat burutu ostean, gehienetan, hiru talaia hauetatik aztertu ohi da: emozioetatik, balioetatik eta afektuetatik. 

Emozio asko eragiteko gauza izan zen larunbat goiza, bihotza gogotik astintzen duen horietakoa. Hasiera paregabea izan zuen finaleko jaialdiak: Izar egina dena, izar izan nahi duenaren aurka. Honi guztiari izenak ipinita: Olatz Arrizabalaga vs Laia Salsamendi. Tantoak eta, bakoitzaren jokoa eta, horrelako irakurketak egiteko tenorea ez da hau. Ez, pilotaren zeru-sabaira izar berri bat igo dela esateko garaia da. Salsamendik iada badaki non dagoen, nora ailegatu den, desafio berriak sortuko zaizkiola ere begien bistan dauka… Eta gogoan izango du, bide batez, irailaren 4. honetan nola txalotu zuen Antiguako ikuslegoak bere jokoa. “Puska baterako badugu txapelduna” −zioten pilotazale asko eta askok. Apustu segurua da hori. Hala dirudi. 

 

Beste izen propio bi ere aipatu gabe ez ginateke lasai geratuko. Igoa eta Ugartemendia  “balio” berri bezain interesgarri iruditu zaizkigu. Txapelketari ekin zitzaionean, inor gutxi zen euren alde sos bakar bat ere emango zuena. Isil isilean ailegatu dira finalera eta azken partidan ongi orekatutako bikotea dela erakutsi dute uneoro. Beste modu batera esanda, eurei irabazteko gogotik jokatu behar dela.  Etxarri-Aranatzen jaiotako aurrelaria eta Alkizako atzelaria pilota alorrean “nor” izateko sortuak dira. Interesez jarraitzea eskatzen du batak zein besteak. Zeregin hori ez dugu saihestuko hemendik aurrera.

Hirugarren partida −nagusien mailakoa, alegia− 19na egon ondoan, Mata-Aizpururen aldera lehertu da Expósito-Irazustabarrenaren aurkakoan. Hiru pilota, errezkadan, galdu ditu Expósitok.  Ez dago hitzik Unai Matak eta Julen Aizpuru sentitu dutena adierazteko, barnean zekarten korapiloa askatu dela ikusi dutenean. Urte batzuk egin dituzte ametsa bete ezinean. Ibili-ibilian lortu dute, ordea, izen handiko pilotarien zerrendan eurena ere ezartzea. Hara hor ilusio bat betetzea zer den. 

Hurrengo urtean izango du Antiguako Txapelketak ondo bidean jarraipena eta baita kronika moduko idatzi sorta honek bere segizioa. Bien bitartean, ongi izan. 

73. edizioko partidak guztiak: 73. edizioa (2021) – Edición 73 (2021)

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *