Bakoitzari berea meritu kontuetan ere

Jakina da aurtengo txapelketa ere, bizi dugun egoera dela medio, labur samarra izan dela. Hori horrela, bi zati ditu: ligaxka sistema abiatzeko eta gero, kanporaketa bidea, finalera iristeko. Horrelakoetan beti geratu ohi da halakoxe zelantza pittin bat: “Merezi duten guztiak ote daude finalerdietan? Merituak egin eta, ba ote da kanpoan gelditu denik? 

Aurtengo txapelketak ez du aukerarik eman –gure iritzirako behinik behin− horrelako zalantza egiteko. Gure ustez, jokoak pilotari bakoitza bere lekuan utzi du. Adostasun handia ikusi dugu puntu honi dagokionean. 

Bai, asteartetik aurrera finalerdietan sartuko zaigu 73. Txapelketa. Eta topikora joko dugu, betiko esanetan babestuko gara pentsatzen duguna adierazteko: indarrak oso parekatuak daudela ailegatu direnen artean. Topikoak izan ohi du egiazko alderdia ere… 

Promesetan, lehenengo partida bikaina dator: De la Fuente-Iztueta vs Oskoz-Santamaria. Bigarrena, zer esanik ez: Igoa-Ugartemendia vs Unai Alberdi-Morgaetxebarria.  Oso nahasketa egokikoak biak ere: pilotari gazte helduak eta zailtzen ari diren pilotari gazteak. Nola portatuko ote dira Iztueta et Ugartemendia, nahiko gazteak zein bata zein bestea? Badaukagu ikusmina… 

Eta jakinmina… elitekoak erakutsi behar diguten jokoaren aurrean. Asteartean, Julen Alberdi-Odriozola vs Mata-Aizpuru. Asteazkenean, Expósito-Irazustabarrena vs Elola-Apezetxea. Nahi beste apustu egiteko aukera ematen duten horietako partidak dira biak ala biak ere. 

Emakumezkoak ere hor datoz, gazteak zaharxeagoen kontra: Amaia Aldai vs Laia Salsamendi eta Olatz Arrizabalaga vs Mirian Arraiza.  

Ilusioz betez sartuko gara partida hauek jokatuko diren astean. Lapikoa borborka hasteko zorian dago eta labea ere gori gori  dagoeneko… 

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *