TOLOSALDEAN NORBAIT ARI DA LANEAN

Aurtengo txapelketa, Antiguakoa noski,  hasi berria da ondorio guztietara ailegatzeko. Halaz guztiz, orain arte jokatu diren partidek zera erakusten digute: Tolosaldean, pilota kontuetan, lan egokia egiten ari direla.  Begien bistakoa da hori.

Larraintzarren jokatutako jaialdian Martxel Iztuetaren jokamoldea oso egokia iruditu zitzaigun. Lehenbiziko plazaratzea zuen Antiguako txapelketan Martxelek, eta Aingeru De la Fuenteren maisu lanarekin, Unai Alberdi eta Aimar Morgaetxeberriari nagusitu zitzaien. Bikote handia da azken hau.

Partidari ekin eta, De la Fuenteren mailaz jabeturik, atzeko kuadroetan jokatu nahi izan zuten Unaik eta Aimarrek, Iztuetak amore emango zuela pentsatuz. Ez zen horrelakorik gertatu. Tente egon zen beti Iztueta, eta pilotazale askoren gogokoa izan zen bere ekarpena. Ustekabeko gozoa izan zen. Ea zer nolako partida eskaintzen digun abuztuaren 24an, Antiguan.

Asteazkenean, berriro Tolosaldeko pilotari gazte baten lehen plazaratzea: Gorka Ugartemendiarena. Honek ere aurrelari on bat zeraman berarekin: Josu Igoa.  Partida hasiera kosta egin zitzaion Ugartemendiari pilotalekuaren neurrietara egokitzen, baina ezpal oneko pilotaria datorrela argi eta garbi utzi nahi izan zuen. Pilotazaleak gogotik estimatu zuen bere lana.

22 eta 21 irabazi zuten, azken-azkenean, oso atzeraturik ibili ondoan. Une batez 17-6 egon ziren galtzen, inork ez zuen txapon txiki bat ere euren alde emango… baina pilotaren borobilak horrelakoak eskaintzen ditu aldian behin.

Ikusleek txalo zaparrada ederrarekin agurtu zituzten zein galtzaileak zein irabazleak.

Iztueta eta Ugartemendia, horra bi promesa eder Tolosaldeko pilotazaleen lanari esker jaio eta loratzen ari direnak. Pozgarria da.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *