Antiguako Txapelketa abiatu berria da bere bidean. Ez dago gauza asko esaterik, atea irekitzen baino ez dugu ikusi eta. Dena den, uztailaren 2 eta 3ko partidak ikusi dituen pilotazale jakintsu eta fin batek azalpen hau eskaini zidan: −“Bi egunotan pilotari mota bi ikusi ditut. Alde handia dago batzuen eta besteen artean. Batzuk, arratsalde-pasa etorriko zaizkizu pilotalekura, festa giroan baleude bezala… Horiek ez daukate zer eginik Antiguoko txapelketa bezalako batean. Beste batzuek, ordea, txapela amesten dute, urdeak ezkurra bezala. Asteazkeneko bigarren partidan asko gustatu zitzaidan Ioritz Egiguren. Ez dakit zer egingo duen aurten, baina buru-belarri sartu da lehiaketan, nagusien mailako txapelarekin estali nahi du burua. Pilotazale on dena berehala ohartzen da horretaz”.
Gero, iritzi hori entzun ostean, Ioritzekin egon ginen une batez. Berak aitortu zidanez, txapelketa prestatze aldera, Antiaguko pilotalekuan entrenatzen ibili da. Argi dauka: −“Nahiz eta pilotalekua ezagutzen duzula uste izan, oso beharrezkoa da, txapelketako presiorik gabe, entsaioak egitea. Urte beteko oroitzapena…asko ahultzen da denborarekin”.
Ioritz Egiguren bezala, beste batzuk ere ibiliak dira frontoi txikiari tamaina hartzen.