Ez zaigu ur handitan sartzeko garaia heldu oraindik, ez; txapelketaz luzaro mintzatzerik ez dago, hasi zenetik lau partida baino ez dizkigu eskaini eta aurtengoak Antiguan. Bistan dago balantzea egiten hasteko goiz dela oraindik. Dena den, apunte modura besterik ezean, bi kontutxo aipatu nahi nituzke orain artekoa kontuan izanik.
Antolatzaileak beldur ziren pilotazaleen erantzunaz. Izan ere, aurreko bi urteetan, protokoloak zirela medio, erdi-hutsean ikusi baitzen pilotalekua behin baino gehiagotan. Alde horretatik kalte nabarmena ekarri zion covid-19ak Txapelketari. Beraz, arrazoizkoa zen galdera: −Egoerak onera egin duen honetan, nola erantzungo ote du pilotazaleak? Erantzuna argi eta garbi geratu da: Inoiz ez bezala etorri da pilota jokoa estimatzen duena Antiguako plaza txikira. Bai, inoiz ez bezala. Eta etorri diren zaleak jokaldirik ederrenak txalotzeko gogo biziz etorri direla ere uka ezina da.
Dena den, maila on-oneko partidarik ez dela ikusi uste dugu. Jokaldi ederrak eskaini dituzte pilotariek, baina, hasi eta buka, partida gustagarririk ez da ikusi, gure ustez. Etorkizun bikaina duten gazteak plazaratu dira, baina pilotazalea asebeteko duen partidarik ez dute eskaini. Alde horretatik hurrengo astekoen zain gaude…bakarren bat maila onekoa izango den esperoan. Laburbilduz, publikoak erantzun du; pilotariei dagokie joko oneko erakustaldi bat egitea. Lehenbailehen izan dadila…pilotazalea galdu baino lehen. Bai, pilota-gose hori luze gabe berdindu beharra dago.