Migel Gallastegi, Aieteko Katxolako txotx-festan

Eguraldia ez zen izugarria martxoaren 17an; haizea indarrean, zerua guztiz beltza, eta aldian behin kazkabarra ere bai…Halaz guztiz, emandako hitza bete egin zuen Migel Gallastegik eta Katxola baserri izandakoan txotx-festan izan genuen eibartarra. Ospakizun samurra, atsegina izan zen alde guzietatik begiratuta ere: hitz dotoreak, bertso ederrak, trikiti-aire biziak… Miresmena eta esker oneko hitzak Migelenentzat. Giro atsegin hartan, Migel bera ere hiztun aritu zitzaigun, kontakizun zaharrak grazi ederrez berrituz. Dotoreak guztiak ere.

Katxola baserrian geundelarik, bere jaiotetxeaz hitz egin zigun, Arrateko Asoliartza baserriaz alegia. Etxe ederragorik, Migelen ustez! Baina, hizpide nagusia pilota izan zen, noski. Eta Mondragoeko Ezkerraren aurka jokatutakoaz hitz egin zigun. Sekula jokatu den partidarik ederrena, ezkerka. Bere ustez, 22-16 irabazi omen zion Zurdo de Mondragon handiari.

Bide batez, Errioxako Tricio herrian jokatutako partida ere gogora ekarri zigun. Hiruko baten aurka jardun omen zen: Corona, Ruperto eta Titin. Hau ere irabazitakoen artean ipini behar da: 22-21. Hain izan omen zen gogorra partida hura, gernuan, txixean odola zeriola amaitzeraino. Kontu asko esan zigun Migelek. Aietera noiz eta nola ailegatu zen ere bai. Eta zein afari ederra eginda etxeratu zen.

Katxola egindako sagardoa Zabalegiko sagarrekin egin ohi da. Bi upel bete dituzte aurten. Bat, Manuel Matxain aietearrari eskainia dago; bestea, Migel Gallastegiri.

Katxola baserrira hurbildutakoen artean sarritan aipatu zen Migelen mendeurrena, eta galdera hau egin zuen pilotazale batek: Izan ote da beste pilotaririk urte horiek hartu dituenik? Ezezkoan zeuden gehienak. Ba omen da 97 urtera ailegatutako bat: Jose Mari Bengoa “Lapiko” durangarra. 1950ko abuztuan hil omen zen. XIX.mendeko pilotari guztiak ezagutu omen zituen Lapikok.

Goxo egon ginen Katxolan, Migel Gallastegiren anparoan. Bien bitartean, Anoetako futbol zelaian ez zen giro, batez ere Loren eta Eusebiorentzat. Futbola zenbait kasutan krudela dela aitortuko zuen Xabi Alonsok. Bistan da baietz.

Katxola utzi genuenean jendea kantari ari zen:

Furra, furra fandangua

hortxe duzu fandagua geure gustukua

 

Migel Gallastegi
Migel Gallastegi bere kontakizun bixi-bixian.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *