ARANTZA TXIKI BAT

Beñat Rezusta
Beñat Rezusta

Aurtengo bi-bitako txapelketan finalera Ezkurdia-Zabaleta eta Elezkano II-Rezusta ailegatu dira. Ordu erdi bat hartu dugu finalistok Antiguoko Txapelketan zer nolako arrastoa utzi zuten ikusteko.

Guztietan nagusitzen dena Beñat Rezusta da. Gure txapelketari buruzko oroitzapenik gozoena berea izan beharko du. Izan ere, bi maila ezberdinetan iritsi baita txapela janztera. 2011koan, Gaillurrale aurrelari zuela, Artola-Santxo bikoteari 22-18 nagusitu zitzaion gazteen mailan. Hurrengo urtean, nagusien mailan, Xabier Urbietarekin, Garralda-Lizoain nafarrei gailendu zitzaien: 22-9. Bikote gogorra zen nafarra, baina erabat mendean hartu zituzten Urbieta-Rezustak.

Beste txapeldun bat Antiguon Joseba Ezkurdia arbizuarra izan zen nagusien mailan. Oso purian zegoen 2011ko udan. Arzelus donostiarrarekin bat eginik, Baez II-Otxandorenaren aurka jokatu zuten finala. Emaitza: 22-18, Ezkurdiaren aldekoa.

Hirugarren finalista: Elezkano II. Bere anaiarekin batera 2012ko txapelketan parte hartu zuen. Lehenbiziko bi partidak irabazi egin zituzten; Bixintxo-Bolinagari 22-18 nagusitu zitzaizkien eta 22-19 Mendinueta-Peñasi. Oso joko ederrean zegoela ikusita, Asegarcek profesional izateko aukera eman zion 2212ko udan, eta ez zuen gehiago jokatu Antiguon. Berak sarritan aipatu izan du zenbat gustatzen zaion gure Txapelketa.

Antiguoko frontoia ezagutzen duena da Jose Jabier Zabaleta ere. Ez zuen lortu bere gogoko partida bat egiterik bi-bitara; lau t´erdikoan egokiago aritu omen zen, bai… Eta arantza hori geratu zaio Etxarrengo pilotariari; txikia, baina arantza, mingarria. Berandu samar dabil ateratzeko.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *