Jubeniletan: Zubizarreta-Salaverrik 22 Riol-Zezeagak 11
Nagusietan: Santxo-Alduntzinek 22 Bakaikoa-Sanchezek 19
Astearte honetako partidak ez daitezke parekatu emozioari dagokionean. Lehendabizikoan nagusitasun nabarmena lehenbiziko tantoetatik erakutsi dute Zubizarreta–Salaverrik. Ez dute arerio seriorik eduki Riol–Zezeagarengan. Azken hauek, ongi jokatuta ere, oso aldapatsua zeukan partida eta lehen tantoak jokatu are eta malkarrago bilakatu zaie. Erdibidean geratu dira, 11 tanto lortuta. Zubizarreta, haizea alde ia beti, ondo; Salaverri pilotari saiatua da, eta pilota gutxi galtzen duena.
Xabi Santxok bere galoiak erakutsi

Aurrenekoari falta izan zaion emozioa bigarrenak esku-bete eman digu. Eta Santxo-Alduntzinek joan zen astean bezalaxe, azkenean… garaipena morralera. Eta asko sufrituta, asko saiatuta, buru hotzez jokatuta. Ikus markagailua: 3-3, 3-9, 5-10, 6-13, 8-16, 17-17, 18-18, 20-18, 20-19, 22-19.
Partiduko partitura Santxok joko du ia beti; Sanchezek asko jo duen garaian, asko lagundu dio Santxok Alduntzin nafarrari. Sanchezek gatza galdu, ahitu duela ohartu denean, atzeko koadroetara eraman nahi izan du pilota behin eta berriz Santxok. Eta frutua, asko landutakoa, jaso du Santxok. Inoiz ez du burua makurtu, ez du amore eman… eta garaipenak irribarre egin dio azkenean.
Abuztuak 10, asteazkena
Arratsaldeko 7etan hasita:
-Jubeniletan, Salaberria-Eskiroz, Exposito-Bikuñaren aurka.
-Nagusietan, Errandonea-Erasun, Apezetxea-Aizpitarteren aurka.