Ostiral arratsaldeak argi eta garbi eman zuen bere epai bikoitza: promesetan, Murua-Elizegik oraindik aukera badute finala amesteko, nagusietan Alberdi-Garmendiak duten bezalaxe. Datorren asteko partidek emango digute orden azken hitza. Alde horretatik, Antiguoko Txapelketak ez du interesik galdu.
Elola-Barturenek 11 Murua-Elizegik 22
Pilotalekuan gertatu denaren ispilu zorrotza da markagailua. Hasiera beretik ikusi da gaurko bikote irabazlea zein izango zen. Oso serio ekin diote Muruak eta Elizegik partidari, eta berehala ito dute Elola eta Barturenen jokoa. Batez ere Bidaniako aurrelaria oso nahasturik ibili da eta inoiz ez du kolokan jarri Murua-Elizegiren dorrea. Ez da inoiz erortzeko zorian egon. Hori horrela, datorren astean jakingo dute finalean parte hartzeko meriturik egin duten ala ez.
Zubiria-Uriondok 11 Alberdi-Garmendiak 22
Hemen ere bikoteen arteko aldea nabarmena izan da. Epaileak hasteko agindua eman orduko hartu dute aurrea azpeitiarrak eta beasaindarrak osatzen duten bikoteak. Alberdik berehala ikusi du jokatu egin behar zela eta pilota oso mendean hartutakoan bakarrik saiatu behar zuela tantoa egiten. Oso beste pentsakerako pilotaria da Berrobiko Zubiria. Arerioek utzitako zuloa berehala ikusten du, baina gehiegi arriskatzen du. Tanto txalogarriak lortu ohi ditu, baina azken kartoira ailegatzeko izerdi patsetan amaitu beharra dago. Uriondok ere gaur baino joko gehiago erakutsi izan du Antiguan.
Beñat Garmendiak maila ederra erakutsi du eta aise irteten zitzaion pilota eskuetatik. “Prexko” dauzka eskuina zein ezkerra. Alberdik asmo bakarra zeukan: irabazi eta irabazi. Erregalorik ez du egin. Datorren asteko partidak esango diete finalean sartuko diren ala ez.
Partidak amaitu eta Hegoameriketako bikote batekin egon gara. Euren ustez, bigarren partida batik bat oso “chévere” izan omen da. Valentzia eta Barcelonatik etorritako pilotazaleak ere baziren. Euren ametsa pilota bat eskuetan edukitzea zen eta pilotarien eskuak ikustea. Pozik, harriturik joan dira pilotalekutik.
Datorren asteko partidak
Abuztuak 21, asteartea
- Emakumezkoetan: Olatz Arrizabalaga-Alba Martinez vs Maite eta Olatz R. de Larramendi
- Promesetan: Julen Egiguren-Apezetxea vs Murua-Elizegi
- Nagusietan: Zubizarreta-Sarasa vs Alberdi-Garmendia
Abuztuak 22, asteazkena
- Emakumezkoetan: Miren Larrarte-Miren Arrillaga vs Patri Espinar-Leire Garai
- Promesetan: Mata-Ibarloza vs Elola-Barturen
- Nagusietan: Zubiria-Uriondo vs Eneko Labaka-Bikuña