Dagoeneko nahiko aurreratua dago ekainaren 26an aurkeztuko den aldizkariaren mamia. 70. Txapelketa izango denez, joan diren urteei begiratuko die zenbaki berriak, eta besteak beste, argazki zaharrei. Horien artean dago Aimar Olaizolari eta Abel Barriolari 1995ean hartu zitzaien hau. Askok ezagutzen dute, baina balio handikoa dela pentsatzen dugu. Leitzako atzelaria joan den urtean erretiratu zen, eta Goizuetako aurrelariak ez du esan azken hitza pilotalekuetan. Buruz burukoa jokatzera doa Jokin Altunaren kontra. Eta saiatuko da beste txapela bat janzten.
Zerrenda luzea egin daiteke Antiguotik pasatu diren pilotarien argazkiekin: Rezusta, Irribarria, Albisu, Urrutikoetxe, Beroiz, Idoate, Mendizabal…eta abar luzea. Eta abar luze horretan Joxean Tolosa eta Jabier Antsola azkoitiarrarenak. Aspaldikoak hauen argazkiak, 1975ean-edo hartutakoak dira eta.
Patri Espinar plotariarekin emakumezkoen pilota zer den argituko dugu, eta bere lesioa zertan den. Aurten II Txapelketa izango baitugu Antiguon.
Aldizkariak izango ditu gai gehiago ere: ETB eta Pilota emankizunen audientziak, Pilota Harrobiaren aurrean Jon Apezetxea, Ruben Beloki, Mikel Erro eta Pello Urionabarrenetxearen iritziak, Antiguoko Txistulariak, Pilota Valencianaren etorkizuna…Migel Gallastegik bihotz-bihotzean darama Antiguoko Txapelketa eta azken urteotan egin dituen bisitez baliatuz, argazki sorta bat eskaintzeko asmoa dugu.
Badator, badator aldizkari berria.