Jokaldi bakan batzuk bai; partidarik ez

Jaialdia amaitu denean, ikusitakoaz iritzia eskatu diote pilotazale bati. Bera erantzuna oso hitz gutxitan bil daiteke: −Tanto batzuk politak izan dira, baina ez dugu pulamentuzko partidarik ikusi. Pilotazale honena ez ezik, beste askorena ere horixe izan da. Jokaldiak bai, baina partidarik ez. Horixe gaurko leloa.

Otadui
Otadui berriztarrak ez du partida borobiltzerik lortu

Nagusien partidatik hasi ezkero, Zubiriak ezker-gantxo bikain batekin egin du bere hogeitabigarren tantoa. Jendeak txalo beroak eskaini dizkio, merezi bezala. Baina ale batek ez du aletegia osatzen. Jokaldi batek ez du partida borobiltzen. Irurita izan da seguru asko, oro har, mailari egokien eutsi diona partida osoan zehar. Ez du izugarrizko jokoa erakutsi, baina galdu ere gainontzekoek baino gutxiago egin du. Zubiriak, tanto zuriak eta… huts beltzak. Zubizarretak, berarentzat desegokia zen partida batean, gogoa bederen erakutsi du. Txalogarria ataundarraren jarrera. Berrizko Otaduik lanak izan ditu pilotalekuaren ezaugarrietara egokitzeko. Azkenean, Zubiria-Iruritak 22 Zubizarreta-Otaduik 18.

Pablo Cordon
Pablo Cordonek gaur jokatu aurtengo lehen partida Antiguon.

Lehenbiziko partidan ere oso antzekoa gertatu da, promesen mailakoan alegia. Honetan, Antso-Arangurenek finalerako daudela erakutsi dute. Expositok, honek ere, tanto politak lortu ditu, baina partidu ona bere osotasunean…urrun geratu zaio. Pablo Cordon estu hartuko dute arerioek finalerdietan. Litekeena da zertxobait hobetzea, baina hori eta gehiago beharko du hurrengo partiduetan. Antso, beti bezala maila oso onean. Gauza bera erakutsi du, maila alegia, Aitor Arangurenek ere. Aurtengo faboritu handienak direla, begien bistakoa da. Markagailua: Exposito-Cordonek 13 Antso-Aranngurenek 22.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *