​Egiguren-Bikuñak eta P.Labaka-Garmendiak bidea galanki erraztu

Egiguren-Bikuñak 22

Expósito-Cordónek 8

P.Labaka-Garmendiak 22

Prieto-Madariagak 16

Pilotazaleak egiazko finalerdi bat ikusi nahi zuen, hots, lana gogotik egin beharra, berriketa gutxi, tantoa menderatutakoan bakarrik gauza ausartak egitea…Bide horretatik joan da lehenbiziko partida. Hori horrela, Egiguren-Bikuñak erabat argi eta garbi ekarri duten euren egitekoa. Ahal izan ezkero, pilota Pablo Cordonén barrutian jarri behin eta berriz, eta bide batez Exposito baztertu. Hortik puskatu da hasiera hasieratik partida. Atzeko hormaren kontra jokatu behar izan duela adierazi digu Cordónek, eta handik ez zeukala gisazko lana egiteko modurik.  Gaurko partidua zela eta, ez dira memelokerietan erori, ez Egiguren tolosarra eta ez Bikuña donostiarra. Ongi ikasitako lezioarekin, pinbi-panba beti atzera joan…22ko geltokira iritsi arte.
Bigarren partidan nabarmendu den pilotari bat egin behar izan ezkero, Beñat Garmendiaren partida azpimarratu beharko genuke. Ez du parte-hartze disdiratsu horietako erakutsi baina, bere galoi eta guzti azaldu da plazan. “Asko jokatu beharko duzue, irabaztekotan” esanez bezala. Horren frutua izan da hasierako abiada, eta partida oso aldeko edukitzea lortu dute berehala. Ez ditu, ordea, loak hartu bizkaitarrak eta hamabosgarren tanto inguruan ez zitzaion irabazle garbirik ikusten partidari. Urak bere bidera ekartzea lortu Labaka-Garmendia bikoak azkenean, eta meritu osoz egin dira gaurko garaipenaren jabe. Markagailuak zintzo erakusten du kantxan egon den martxa, ets baita nagusitasuna ere.

Jendez, ikusle-kopuruz gustora antolatzaileak. Aurtengo sarrerarik onena: 450tik gora, oker handirik gabe. Hurrengo astearte-asteazkena ere interesez beterik datoz

Garmendia-P. Labaka, gaur arratsaldean, plazaratu aurretik

Antso-Aranguren eta Zubiria-Irurita, finalari begira

Enaitz Antso
Enaitz Antsok etxeko lanak egin ditu finalean parte hartzeko.

Antso-Arangurenek 22

Picote-Gaskuek 9

 

 Zubiria-Iruritak 22

Salaberria-Sánchezek 17

Serio eta beltz lan egin behar izan dute nola Zubiriak hala Iruritak bigarren puntuaren jabe egiteko. Oso modu erosoan ekin diote partidari eta aise joan dira 8-2ra; aisegi. Handik aurrera ailegatu zaizkie bide aldapatsuak, ia ustekabean. Zortzigarrenean parekatu ondoan, bederatzigarren tantotik hamalaukora Salaberria eta Sanchez izan dituzte aurretik. Eta bazirudien, gainera, Iruritak aurten erakutsi duen mottelaldirik handienak mendean hartu behar zuela. Ez da, ordea, horrelakorik gertatu. Ardatza eskuetan hartu eta poliki poliki nahi zuten bidean jartzea lortu dute Berrobiko aurrelariak  eta Lantzeko pilotari honek.

Continuar leyendo “Antso-Aranguren eta Zubiria-Irurita, finalari begira”

Expósito, Zubiria eta Irurita gaur nabarmendu direnak

Expósito-Cordónek 22  Picote-Gaskuek 13

Zubiria-Iruritak 22  Prieto-Madariagak 6

Hodei Expósito
Hodei Expósitok egoki bete ditu egitekoak

Hasi urretik, zenbaitek zalantzaz beterik  ikusten zuen gaurko partida. Kolore gorriaren aldeko iritziak ere jaso ditugu, hau da, Picote-Gaskueren aldekoak. Partidak, ordea, kolore urdina izan du unerik garrantzizkoenetan. Etorri handiaren jabe plazaratu da Hodei Expósito, eta berak egin eta askatu ditu ipini nahi izan dizkioten programa guztiak. Egia da, gaur Pablo Cordón joan den partidan baino finago ibili dela, eta tanto gutxiago galdu duela. Picote errioxarra larri antzean ibili da beretzat pilotaleku berria den honetan; ez dugu inoiz eroso ikusi. Andoni Gaskuek ere gaur baino partidu hobeak baditu Antiguan jokatuak.

Continuar leyendo “Expósito, Zubiria eta Irurita gaur nabarmendu direnak”

Antso-Aranguren eta P. Labaka-Garmendiak ongi bideratu dute lehen partida

Antso-Arangurenek 22  Egiguren-Bikuñak 14

P.Labaka-Garmendiak 22  Salaberria-Sanchezek 11

Oraindik hasi besterik ez da egin finalerdietako fasea, baina “kaixo, jaun-andereok” esan dute bikote hauek. Azken markagailuak argiro erakusten du zer gertatu den bi partidetan. Irabazleen nagusitasuna ez dago zalantzan jartzerik.

Continuar leyendo “Antso-Aranguren eta P. Labaka-Garmendiak ongi bideratu dute lehen partida”

Salaberria-Sanchezek 22 Adonis-Sarasak 18 partida estuan

Salaberria-Sánchez
Salaberria-Sánchez, irabazleak

Asko sufritutako garaipena lortu dute Goizuetakoak eta Logroñokoak gaur arratsaldean. Amaiera ederra eman dio gainera Salaberriak partidari. Besoak altza eta Uffff…luze eta barne-barnekoa atera zaio. Serio jokatu behar izan dute maila oneko bikotea osatzen duten Adonis-Sarasaren aurka. Partidua orekatua izan da lehenbiziko hamarrekoan. Erdialdetik aurrera, bentaja apurrez baina,  Adonis-Sarasa jarri dira buruan. Une batez 17-14 ere egon dira, aurretik. Hortxe egin dute ordea planto, ez atzera eta ez aurrera. Adonisek huts batzuk egin ditu azken aldian, eta hortxe ihes egin dio garaipenak.

Continuar leyendo “Salaberria-Sanchezek 22 Adonis-Sarasak 18 partida estuan”

Jokaldi bakan batzuk bai; partidarik ez

Jaialdia amaitu denean, ikusitakoaz iritzia eskatu diote pilotazale bati. Bera erantzuna oso hitz gutxitan bil daiteke: −Tanto batzuk politak izan dira, baina ez dugu pulamentuzko partidarik ikusi. Pilotazale honena ez ezik, beste askorena ere horixe izan da. Jokaldiak bai, baina partidarik ez. Horixe gaurko leloa.

Otadui
Otadui berriztarrak ez du partida borobiltzerik lortu

Nagusien partidatik hasi ezkero, Zubiriak ezker-gantxo bikain batekin egin du bere hogeitabigarren tantoa. Jendeak txalo beroak eskaini dizkio, merezi bezala. Baina ale batek ez du aletegia osatzen. Jokaldi batek ez du partida borobiltzen. Irurita izan da seguru asko, oro har, mailari egokien eutsi diona partida osoan zehar. Ez du izugarrizko jokoa erakutsi, baina galdu ere gainontzekoek baino gutxiago egin du. Zubiriak, tanto zuriak eta… huts beltzak. Zubizarretak, berarentzat desegokia zen partida batean, gogoa bederen erakutsi du. Txalogarria ataundarraren jarrera. Berrizko Otaduik lanak izan ditu pilotalekuaren ezaugarrietara egokitzeko. Azkenean, Zubiria-Iruritak 22 Zubizarreta-Otaduik 18.

Continuar leyendo “Jokaldi bakan batzuk bai; partidarik ez”

Pilotazaleak arratsalde hobea espero zuen

Peio Etxeberria
Peio Etxeberria sakea egitera.

Motiboak bazituen pilotazaleak jaialdi ederra espero izateko. Txapelketa gero eta aurrerago doa, harmailetan aurtengo sarrerarik hoberena geneukan, sona handiko pilotariak genituen burrukatzeko, baina…Itxaropenari ateak berehala itxi zaizkio, hasiera beretik.

Aurreneko partidan Peio Etxeberriak eta Andoni Gaskuek didau batean hartu dituzte mendean Ioritz Egiguren eta Iñigo Bikuña, auzokoa. Markagailua dago esaten zenbaterainoko nagusitasuna erakutsi duten nafarrek: 22-9. Gehiago espero genuen gipuzkoarrengandik. Hobeto jokatu beharko dute finalerdietako partidetan ametsak zapuztea nahi ez badute. Hogeita iru minutuan gertatu da guzti-guztia, hasi eta buka.

Continuar leyendo “Pilotazaleak arratsalde hobea espero zuen”

Bidaniatik dator Elolaren notizia

Elola pilotaria
Elola bidaniarra, plazaratu aurretik, beretzat guztiz berria zen aldagelan.

Hemezortzi urte ditu Bidaniako mutilak; gaurko pilotari askoren antzera, Elola luzea da soinez. Eskuina bera baino hobeto astindu du ezkerrak. Txalo beroak izan dira eskaini zaizkionak. Oiartzungo Ekain Etxeberriak ere Antiguan aurten jokatu dituen partidetan borobilena gaurkoa izango zen seguruenera. Inoiz ez dute Mata-Ibarlozak partida entregatu, baina azkenean gipuzkoarrak gehiago zirela aitortu dute 22-13koarekin. Markagailuak ez du hutsik egiten gaur, bikoteen arteko joko-maila alde horrekin ikusi baita pilotalekuan.

Continuar leyendo “Bidaniatik dator Elolaren notizia”

Eta “Boli” triste joan da etxera

Lagun berria egin dut gaur arratsaldean, frontoian. “Boli” esaten diote etxekoek. Dotorea izatez gainera esanekoa da oso, ongi hezitakoa. Pilotariek tanto bixiren bat egin eta zaleek txalo jotzen zutenean, belarriak tente jartzen zitzaizkion, “zer gertatzen da hemen?” galderaren erantzun eske. Bigarren partiduan ongi sarturik geundela, Zubiria aurrelariak tanto bikain bat lortu du, ikusleen gozamenerako. Orduantxe entzun dira arratsalde osoko txalorik bizienak, sutsuenak. Eta “Boli” zintzoak bere poza ere erakutsi nahi izan du, zaunka gogotik eginez. Txaloen zarata itzali denean ere, zaunka eta zaunka jardun zaigu, harik eta nagusiak aski zela oihukatu dion arte. Zerbait berezia sentituko zuen Bolik, bibrazio ezohikoak.

Continuar leyendo “Eta “Boli” triste joan da etxera”