ETA GIPUZKOAKO PILOTARIEI BURUZ ZER?

Txapelketak aurrera egin ahala, bere muturra gero eta estuagoa ari da bihurtzen pilotarientzat. Hobeto esanda, asko estutu da aste honetan jokatu diren partidekin; gero eta argiago ikusten da nortzuk dauden erabat sasoiko eta zeintsuk dabiltzan larri-larri, juxtuantzean. Aurreko astean eskaini genuen zerrenda hartatik pilotari pare bat erori egin da. Izenak eskatuz gero, Apezetxea eta Mata ipini beharko genituzke amore eman dutenen artean.

Maila bikainean ibili direnen artean Sarasa eta Irurita nabarmendu beharko nituzke; Eltzaburuko atzelaria eta Lantzen jaiotakoa oso joko bikaina egiten ari dira. Dena den, aste honetan pilotazaleentzat hizpide izan diren pilotariak, gipuzkoarrak dira biak. Bat, promesen mailan: Astigarragako Ekain Lizeaga; bestea, nagusietan: Bidaniako Iñaki Elola. Zein isil zein ozen, pilotazale asko entzun dugu egundoko loreak bi gipuzkoar hauei botatzen.

Hitz pare bat euren gainean. Bi partida jokatu ditu Lizeagak; lehenbizikoak izar argitsu izan daitekeen norbaiten aurrean gaudela aurreratu zigun; bigarren partidak sendotu baino ez zigun egin hasierako iritzi hori. Lizeaga ez da egun bakar bateko lorea; heldutasun ikaragarria erakutsi du orain arte. Hamasei urterekin ez dago gehiago jokatzerik, plazan hain dotore portatzerik. Profesionalekin jokatzera ailegatuko denaren aurrean gaude. Ez dugu duda-izpirik horretan.

Batek ez daki kategoria horretan Iñaki Elola ikusiko dugun ala ez. Baina, poliki poliki, urtetik urtera goraka doan pilotaría da Bidaniako aurrelaria. Joan den asteartean erakutsitako jokoa aparta izan zen; jokaldi bat edo beste, pilotalekuetan oso gutxitan ikusten direnetakoak izan ziren. Indartsua dela aspaldi ikusi genuen; pilotari abiadura handia ematen diola, hori ere ez da gaur goizekoa. Patxadaz jokatzen, tenplez plazaratzen… Horretan ari da aurreratzen Elola. Gaur egun ez du haserre gorrian pilotazalerik jartzen, tentuz ari baita jokatzen. Pozten gara.

Ez da gipuzkoarra, baina asko gustatzen ari dan Lantzeko Josu Irurita joko-maila. Jokatutako partidak aise irabazi ditu Julen Alberdi argiarekin batera: 22-3 eta 22-4. Txapelaren bila doa Irurita. Zalantzarik bai?

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *