E. Labaka-Bikuña finalari begirik kendu gabe

 

Partida bat 22-8 amaitzeak  kazetariaren lana asko aritzen du. Dena den, arrazoiren batzuk eman beharrean dago horrenbesteko aldea zertan egonden argitzeko. Ahalegindu gaitezen eginkizun horretan.

E. Labaka-Bikuña

Gaur plazaratu diren bikoteen artean bazegoen eragin handiko faktore bat: irabazteko egarria. Garaipen gosez Labaka eta Bikuña plazaratu dira gaur. Eneko Labakak jakin izan du nondik eta batez ere nola heldu behar zion jokoari, eta ez du amorerik eman  aurren-aurreko sakea atera duen une beretik. Serio jokatu du eta nahiz eta alde handia egon markagailuan, buru-belarri sartuta jardun da partidan. Eta atzean, laguntza izugarria izan du gaurkoan. Iñigo Bikuña maila ikaragarrian aritu da.

Asko esate izango da, baina Antiguan Bikuñak  jokatu dituenenetatik asteazkeneko partida hau izan da agian borobilena. Pilota asko gozatu du mutur batetik bestera. Eta egundoko distirarekin dantzatu du pilota. Aurtengo udan ikusi diren pilotakadarik indartsuenak bereak direla iruditzen zaigu. Sasoi bete-betean dago donostiarra. Iaz, finalean. Aurten ere bai, Iñigo?

Mota-Ibarloza ere ondo sartu dira finalerdiko ligaxkan. Partida hasi aurretik pilotazale bat baino gehiago ikusi dugu  momioa“urdinen” aldekoa dela esanez. Eta tanto zenbaitetan bazirudien aukera hori egokia eta zentzuzkoa zela. Partida erditik aurrera  “gorrien”aldera jarri da, ordea, jokoa. Matak ez du izugarrizko jakaldirik egingo, baina erritmoa sarritan berak ezartzen du. Ibarlozak dotore lagundu dio, nahiz eta lehen zatian Elizegik asko astindu duen atzelari bizkaitarra. Poliki-poliki, ordea, nagusitzen joan zaio eta azkenean bera gertatu da garaile. Mata-Ibarlozak 22 Murua-Elizegik 17.

Ibarloza (gorri) eta Elizegi (urdin))

Pilotazaleak bikain erantzun du gaur ere, 350tik gora izan dira harmailetan. Inurrieta ardo-kaxa Hernani aldera joan da.

Ikusleen artean egon da Jon Alberdi azpeitiarra. Hurrengo astean jokatzeko moduan izango ote da. Baikor ikusi dugu aurrelari fina. Pilotazaleak eskertuko luke horixe.

Hurrengo partidak abuztuaren 16-17an, hurrengo asteko ostegun-ostiralean.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *