Santxo-Alduntzin eta Zubizarreta-Salaverri, 2016ko Txapeldunak

finalaZubizarretaren ametsa bete da

Hiru partida jokatu dira Antiguan, 2016ko finalen programan. Txapelketatik kanpokoan, desafio gisa, Peru Labakak 22 Ander Errandoneak 16. Jubenilen finalean: Zubizarreta-Salaverrik 22 Salaberria-Eskirozek 15. Nagusienean, Santxo-Alduntzinek 22 Urretabizkaia-Garmendiak 16.

Hain alde txikiarekin partidak amaitzeak zerbait esan nahi du. Inork gutxik zeukala ezer arriskatzeko asmorik. Final eguna zelako, telebista tarteko zegoelako edo batek daki zergatik, ez da arriskurik hartu nahi izan. Pelotarik ez galtzea, hori izan da ikusi den, erakutsi duten bidea.

Txapelketako bi partidek joan-etorri berbera izan dute. Bikote batek hasieran tanto sorta bat egin eta horri eutsi ahal zen guztian. Zubizarreta ataundarra eta Salaverrik abantaila interesgarria hartu dute hasieratik eta ez dute amorerik eman inoiz. Ez dute emaitza arriskuan ipini nahi izan. Serio hartu dute partida, eta dizdira apur bat falta izan zaio eta baita berotasuna ere. Garaipena eurena izan da jokoz eta merituz.

Markagailuaren ibilia: 5-0, 9-1, 10-5, 13-10, 18-13, 20-15 eta 22-15. Jubeniletan, aurtengo udan jokatu den partidarik luzeena gertatu da: 50 minutu. Pilotakadak: 650. Esan nahi da eten aspergarri gutxi eman dela partidan, eta erritmo handian jokatu dela.

Zubizarreta-Salaverri, izugarrizko partida egin gabe, bidezko txapeldunak jubeniletan. Nago Zubizarretak bere buruari aurtengo urterako ezarritako helburuetako bat Antiguan bete duela txapela honekin. Pozik zen ataundarra eta baita bere ingurukoak ere.

Santxoren erregetza

finala2Urte asko zeraman usurbildarrak Antiguako txapela etxeratu nahirik nagusien alorrean. Gaur lortu du. Bere izena Antiguako Torneoari itsatsirik geratu da lortu duen txapelari esker.

Santxo-Alduntzinek ez diete Urretabizkaia-Garmediari tituloarekin amets egiteko aukerarik eman. Hasiera hasieratik heldu diote Santxo-Alduntzinek zezenari adarretatik. Ez du une horietan Urretabizkaiak berarengandik espero zitekeen jokorik egin; pilota aise galdu du eta dezente, gainera. Hemen ere presioa nabarmena zen pilotariengan. Arrisku gutxi hartu, ahal den seguruena jokatu, berriketarik ez… Azkeneko 22-16 hori ari zaigu esaten nagusitasun norena izan den.

Markagailua: 5-1, 8-3, 12-5, 14-7, 19-7, 20-13, 21-15 eta 22-16. Santxo, erreferentzia nagusia. Oso maila ona erakutsi du Alduntzinek ere. Txapelketa hasierako zalantzak uxatu ditu eta maila ona erakutsi du azken partiduetan. Urretabizkaiak ez du bere mailarik eman. Eskuz ere juxtu zebilela aitortu digu bukaeran. Garmendiak pilotari on bat izan daitekeela erakutsi du.

53 minutu behar izan ditugu partida amaitzen ikusteko. Sari banaketa −2.900 euro bikoteen partitzeko eta gainera, sari gehiago− oso beroa izan da, nahiz eta kanpoan euria ari. Langarra une batzuetan, euria besteetan, giroa izan da finalei diztira kendu nahi izan diena. Ez du lortu, ordea.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *