Promesa bikainak igaro dira Antiguatik

 

Julen Egiguren-Apezetxeak 22 Julen Alberdi-Gaskuek 19

Ostegun arratsaldean Antiguako frontoira azaldu den pilotazaleak seigarrena ez baino “zazpigarren” zentzumena erakutsi du. Bazekien –sumatzen zuen esanda ere ez legoke gaizki− gaurko lehenbiziko partidak aparteko zerbait bazuela; ez zela ohiko horietako bat. Promesak ikusi nahi zituen, eta ikusteko aukera eman dio arratsaldeak. Ikustekoa eta txalotzekoa ere bai sarritan.

Julen Egigurenek eta Antton Apezetxeak bikote serioa osatzen duten bezala, maila beretsukoa da Julen Alberdik eta Andoni Gaskuek egiten dutena. Puntakoak ez ezik, oso puntakoak direla erakutsi dute Antiguan. Saio gogorra eskaini dute, 41 minutu iraun duena. Une batez bentaja handi samarra ematen zuenarekin ibili dira Alberdi eta Gaskue: 17-9. Halaz guztiz, ez dute inoiz partida entragatu Egiguren-Apezetxeak. Eta poliki poliki partidan sartu dira eta bigarren zatia eurena izan da, tantoz tanto aurrera eginez. 20-19 jarri dira garaipenaren bila, aurretik. Eta azken bi tantoak ere gorrienak izan dira. Txalo asko izan da, eta tanto batean ikusleak jaikita ikusi ditugu euren poza eta atsegina erakutsi nahirik. Zein ederra den pilota horrelako jokoa egiten denean…

Bi puntu badituzte dagoeneko Egiguren-Apezetxeak, eta Alberdi-Gaskuek bigarren bat behar finalerdietan jokatzeko modua egin nahi baldin badute. Datorren ostegunean, abuztuak bi egun, Murua-Elizegi izango dituzte arerio. Partida horrek ere bere xarma badu, eta ez nolanahikoa.

Exposito-Sánchez lehenbiziko puntuaren jabe

Oso hasiera eskasa eman zion bikote honek txapelketari. Eneko Labaka eta Iñigo Bikuñak aise asko menderatu zituzten aurreko asteartean. Nahiz eta joko izugarria ez egin, gaur Ioritz Egiguren eta Unai Astiz baino meritu gehiago egin dute, baina inolako harrokeriarik gabe: 22-18. Ioritz Egigurenek ez du txapelketa honetatik atzeko atetik irten nahi izan, eta pelotazalea ohartu da egin duen ahaleginaz. Garratza gertatu zaio tolosarrari aurtengo txapelketa. Iaz finalean, eta aurten finalerdietara ailegatu gabe.

Aurtengo partidarik luzeena izan zen, 48 minutuko iraupena eskainita.

Exposito-Sánchezek hurrengo ostegunean Zubizarreta-Sarasa izango dituzte zain. Oraintxe ari da txapelketa biderik bizienean sartzen. Datorren asteko partidekin amaituko da ligaxka fasea.

Julen Egiguren-Apezetxea
Julen Egiguren-Apezetxea eta Julen Alberdi-Gaskue bikoteak

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *