Pilotarien argi-itzalak lehen astean

Lehenbiziko asteak ez ditu pilotarien karta guztiak mahairatzen, baina puntu batzuk argitzen ditu. Zein dagoen jokoan eta zein ez, nortzuk izan daitezkeen aurrera egin dezaketenak eta txapelketari  uko egin beharko diotenak; eta alderdi positiboak bezala ezkorrak ere: nor dabilen jokoz eskas, aurrerapen gutxi nork egin dituen, nor ibili den bagoia galtzeko zorian…

Errandonea-Erasun, areriorik gabe Antiguan.
Errandonea-Erasun, areriorik gabe Antiguan.

Nagusietan nabarmendu den bikotea Errandonea-Erasunek osatzen dutena da. Finalean ez egotea berebiziko porrota litzateke gazte hauentzat. Antiguako pilotalekuan Erasuni eramango dion gutxi dago. Dotore egokitzen da frontoiaren luze-zabalera. Errandoneak, bere aldetik, tantoa bukatzen badaki. Hautagai ukaezinak dira finalerako.

Lanak emango dituen beste bikote bat Urretabizkaia-Garmendiarena da. Beñat Ikaztegietakoa, Beñat Beasaingoa ere. Eskarmentua eta ilusioa proportzio egokian, eta biak lanerako pronto,  pilotari saiatuak. Urretabizkaia batik bat ez da etorri alfer-lanera. Saiamena omen da birtuterik onena, eta ostegun arratsaldeko partiduan esku beteka erakutsi zuen ikaztegietarrak.

Zubizarreta ataundarrak ere finala joaketzea du amets.
Zubizarreta ataundarrak ere finala jokatzea du amets.

Besterik ikusten ez den bitartean, Zubizarreta ataundarra eta eta Aranguren Aginagakoa dira jubenilen mailan nombratuenak, baina erne ibiltzen al dira… Antsok, esaterako, jokoa erakutsi du. Hemezortzi urte dauzka nafarrak eta heldutasun maila ederra erakusten du aurreko kuadroetan.

Bestalde, kirol guztietan izaten dira ustekabekoak eta aurten ere izango ditugu Antiguako Txapelketan. Baita behar ere.

Oharra: Joan den ostegunean Aitor Arangurenek ez zuen jokatzerik izan, eta bere ordez Murua arrasatearrak jardun zuen; bikain gainera. Belauneko minarekin dabil antza azken bolada honetan Aranguren. Asteazken gauean jakin genuen hori; berandu samar, aukeran. Ikusi egin behar noizko uxatzen duen lesio hori.

Astearte honetako partidak

Uztailaren 19 honetan, arratsaldeko 7etatik aurrera, partidaok jokatuko dira:

  • Jubeniletan, Zubizarreta eta Ibarloza markinarra (hau Salaverriren ordez), Usurbilgo Hodei Exposito eta Iñigo Bikuña donostiarraren aurka. Iritzi bila ibili gara, eta esan digutenez, faboritoak Zubizarreta eta Ibarloza omen dira
  • Nagusietan, Apezetxea eta Azpitarte, Peña eta Sarasaren aurka. Indarrak oso parekatuak daude partida honetan. Jon Ander Peñaren jokoa zertan den argitu nahi dute Antiguako zaleek. Erantzuna, astearte ilunabarrean.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *