Partidarik gogorrena?

Jokatutako partida pilotariei eskertu nahirik, artean ikusleak txaloka ari ziren; batzuk zutik eta gainerakoak jarrita, baina guztiak txaloka. Lau pilotariak elkar agurtzen, pilotalekuaren erdian. Oraingo telofono hauek atsedenik ez dute hartzen eta, hara hor zer idazten didan WhatsAppez adiskide batek: “Partidu bikaina. Jendea gustura”. Ez dago hain hitz gutxitan arratsaldeak emana laburbiltzerik.

Pilotazaleak badu alako doain berezia partida bat gustagarria noiz izan daitekeen aurrez susmo izateko. Horregatik eta abuztuan sartu garelako, jendetza handia bildu zen ostegunean Antiguako pilotalekuan. Zalantza izipirik gabe, aurtengo sarrerarik onena.
Goi mailako protagonistak zeuden deiturik nagusien partidarako: Ioritz Egiguren-Mariezkurrena I., Salaberria-Alduntzinen aurka. Berez, Julen Aizpuruzen jokatzekoa, baina etortzerik ez eta bere ordez, bigarrenez, Aitor Alduntzin jardun da.
Hasiera hasieratik erakutsi dute lau pilotariok lanera etorri direla. Tanto bakarra galtzeak ere min handia eragiten ziela behin eta berriz erakutsi dute. Egundoko mailan jardun dira, baina burruka batez ere atzeko koadroetan gauzatu da; egundoko mailan jardun dira Mariezkurrena I eta Alduntzin. Gure alboan zegoen batek zera aitortu digu:−“Ez nian esango Alduntzinek horrenbeste jokatzen zuenik; Mariezkurrena jotzen duena ikusita, inoiz ez dik burua makurtu…A zer nolako jokoa erakutsi duen” Bai, hogeita bana zeudela, tanto luze batean Alduntzinek ezker paretari itsatsitako pilota ez du Mariezkurrenak itzultzerik izan. Eta hortxe amaitu da gaurko burruka, egundoko burruka.
Topikora jotzera dela jakin badakigu, baina galtzaile galtzailerik ez du nabarmendu gaurko partidak. Norbaitek irabazi behar eta, Salaberria-Alduntzini egokitu zai garaile irtetea. Nire ustez, konforme irten dira plazatik nola Egiguren ala Mariezkurrena ere. Gaur galtzaile izatearen arantza ez da oso mingarria gertatu. Ustez.
Ez ote da izango gero aurtengo partidarik gogorrena abuztuaren estreineko egunekoa? Larri ibili, hor nonbait.
Azken apuntea.Promesen mailan, Agirreamalloak eta Urangak, zenbaiten ustez, ustekabekoa eman zuten Unai Alberdi eta Azpitarte menderatuz. Inoiz ez bezala jardun ziren irabazleak.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *