Murua-Elizegi eta Zubizarreta-Sarasa, finalerdietara

 

Pilota bi motatako jokoa da. Onena, bikainena emozioa sortarazten duen hura; eskasena, bihotz-taupadarik eragiten ez duena.  Ostegun arratsaldeko jaialdiak pilota jokoaren  alderdi biak eskaini dizkigu. Partida hunkigarria jokatu dute Promesek; Elitekoan ez dugu gauza handirik ikusi, eta apenas txalorik ere izan den.

Lehendabizikoa, Promesena alegia, azken orduan, erabat parekatu da, eta horrek ekarri dizkio partidari gatza eta piperra: Murua-Elizegik 22 Julen Alberdi-Gaskuek 20. Hirugarren tantoa jokatzen ari zirelarik, mina hartu du Gaskuek belaun inguruan. Eta hortik aurrera malkarra bilakatu zaio egin beharreko bidea. Arerioak berehala ohartu dira ez zegoela baldintzarik onenean defentsa gogorra eskaintzeko, eta atzealdean ikusi dutu partida irabazteko modua. Bai, Larraintzarko atzelariak tanto asko galdu du partidaren bihotzean. Bestade, ez zioten aukera txikiena ere ematen Alberdiri jokoan sartzeko. Zertan ibili fortuna zirikatzen, gauzak hain erraz egonda…

Hori horrela, hogeita bira joateko bidean sartu dira Murua eta Elizegi. Uste baino aiseago helmugara ailegatzeko ametsa egin dute une batez. Baina, pilota borobila izan…Antiguon ere. Poliki poliki pilota jokoaren legeetara biltzeko modua egin dute Alberdi-Gaskuek. Eta estu, oso estu hartu dituzte partida aurreratu samarra zeukatenean. Ordurako bizkortua ikusi dugu Gaskue. Lilimentua eman diote hamaisegarren tantoan eta jokoa asko gogortzea lortu du handik aurrera. Nekea ere handi samarra arerioetan. Elizegik asko sufritu du azken aldera. Julen Alberdi larri antzean ailegatu da txokoan utzitako pilota batera, dejada egin nahi izan du, baina… txapapera joan zaio. Hantxe amaitu da, txalo artean, asko gustatu den partida.

Zubizarreta-Sarasarentzako paseo atsegin bat izan da Elitekoen partida. Lehendik ere puntu parea bazuten morralean, eta gaur hirugarrena lortu dute didau batean: 22-8. Expositok eta Sanchez errioxarrak oso txapelketa kaskarra egin dute. Hiru partida, hiru porrot… Datorren urtean izango al dute joko hobea.

Azken orduko oharra. Ostiralean Pablo Cordon zegoen iragarrita lehenbiziko partidarako. Eskua behar bezala ez eta, bere ordez Ganboa nafarra ariko da.

Murua-Elizegi
Murua eta Elizegiren poza finalaurrekoan sartu ondoren

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *