Mata-Ibarlozak bi puntu; beste horrenbeste Zubiria-Uriondok

 

Pilotariek leher egida amaitu dute (Zubiria eta Salaberria)

Txapelketak aurrera egin ala, gero eta estuago gertatzen zaie bidea partida bat galdurik daukaten bikoteei. Horretan zegoen gaurko jaialdiaren gakoa.  Guztiek zekiten asteazken honetan galtzen zuenak trenak ihes egiten ziola behin betirako. Hori horrela, partida nagusian Espinalen ordez jokatu duen Xabi  Zubiria Berrobikoak zirt-zart egiteko asmoz etorri da Antiguora.  Zer moduz lagunduko ote dio Uriondok, joan den astean azkazal bat galtzeko zorian zeukanak?-galdetzen zuen zenbaitek. Zubiria-Uriondok, nahiz eta partida gogoangarri bat ez eskaini, garaipenaren bidean ipini dute euren ahalegina, eta asmo horretatik ez dira inoiz aldendu.

Zubiria-Uriondok 22 Apezetxea-Aizpuruk 16

Xabi Zubiria gertatu da, zinez, egiazko solista, gaurko pentagrama nola jo behar zen zekiena; berak erabaki du-eta gaurko norgehiagoka. Batek ez daki sasoirik onenean dagoen ala ez, baina egundoko bizitasuna eta erritmo ezartzen dizkio tanto bakoitzari, eta batzuetan jokalari  klasiko horietakoa ez den arren, tantoa errematatzeko dohain aparta erakusten du.

Jakina denez, Espinalek utzi behar izan duen hutsunea betetzera etorri da Zubiria, eta bistan dago, iaz bezalaxe, lanak ematera etorri dela Berrobiko aurrelaria. Iaz finalista izan zen. Aurten amets berbera dauka. Uriondo bizkaitarrak espero baino hobeto erantzun dio. Gero eta egokiago mugitzen da pilotaleku txikian. Ezin esan, Salaberria-Aizpuru gaizki jokatu dutenik, baina beste martxa bat gehiago behar zuten arerioak mendean hartzeko. Seigarren martxaren premian gelditu dira…bide-erdian eta erdi-bidean.

Mata-Ibarlozak 22 Agirreamalloa-Olidenek 15

Promesen mailan jokatu den partida honetan, erabat nabarmendu den solistarik ez dugu ikusi. Inork ez du hartu nahi izan ardura hori; egia da, bestalde, inork ere ez duela desafinatu, baina azken tantoetan, hamabosna egotetik, jokoa bizkortu eta 22ra partitu dira Mata eta Ibarloza. Ez da txalo ugariko partida izan, eta hori seguru-seguru jokatu nahi izanak eragin du. Merituak egin dituzte finalerdietan parte hartzeko.

Pelotazaleak ongi erantzun du, eta harmailak beterik zeuden.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *