Josu Zezeagaren erakustaldia

Uztailaren 28ko emaitzak:

Jubeniletan: Riol-Zezeagak 22 Oiarbide-Usandizagak 12.

Nagusietan: Azketa-Arratibelek 22 A.Etxebarria-Urizarrek 9.

Gaur ere sarrera bikaina. Eserleku gutxi hutsik.

Josu Zezeaga, superstar azken partiduan Antiguan.
Josu Zezeaga, superstar azken partiduan Antiguan.

Aurreneko partiduan ere asko jokatu zuen Bergarakoak, baina garaipena ukatu egin zioten Salaberria eta Eskirozek. Gaur ez, Andoaingo Gaztelekuko Oiarbide-Usandizaga bikoak ez diete trabarik jarri Riol-Zezeagari 22 joan joan zitezen. Hasieran, andoaindarrak artean osorik zeuden bitartean hurbiltze bat izan da: 8-5. Hortik aurrera Zezeaga jaun eta jabe izan da partidan. Ezker-eskubi dotore aritu da. Nafarroatik etorritako ikusle batzuk harriturik utzi ditu Zezeagak. “Asko egiten du pilotan mutiko honek”−adierazi dute behin eta berriz. Riolek ez du aparteko jokorik erakutsi, baina galdu ere ez du asko egin.

Azkenean,22-12 argi eta garbia. Josu Zezeagaren aita, Uberako Joxe Mari handia, pozik ikusi dugu partidu ondoko solasean. “Gaur bai, gaur bai…”− aitortu du atzelari indartsua izandakoak. Hirugarren partida bat ere, gutxienez beste bat gehiago, jokatu beharko dute gaurko irabazleek.

Azketaren boleak bai garbiak”− ikusle batean iritzira

Arratibel-Azketa, bikote sendoa azken partidan.
Arratibel-Azketa, bikote sendoa azken partidan.

Ez da Zegamako Tartaloetxe Elkartean dabilen pilotari hau Antiguan asko ikusitakoa. Lehendabizikoz ikusi dutenak baziren publikoan. Eta joko polita eskaini du Azketak. Estu hartu duten apurretan, Arratibel ataundarrak ondo lagundu dio, eta Azketa izan da partiduko giltza eskuetan eraman duena. Egia esan, maila eskastxoan jardun dira gaur galtzaileak. Batez ere, Urizar. Gauza jakina da pilotari xuxena dela ia beti, baina hogei bat egunez jokatu gabe egoteak kalte egin dio, nabarmen. Kosta egin zaio pilotalekuaren neurrietara egokitzen: “Baina, askotan jokatutakoa naiz, eta gaur erabat arrotz egin zait”−aitortu du amaieran.

Ligaxkako azken astearen atarian

Datorren asteartean, abuztuak 2, hasiko da ligaxkaren amaierakoa. Hona hemen partidak:

Jubeniletan: Alberdi-Mariezkurrena, Kanabal-Cordonen aurka. Hil edo bizikoa bi bikoteentzat.

Nagusietan: Urretabizkaia-Garmendia, Dorronsoro- Medinaren kontra. Irabaztea ezinbestekoa dute Dorronsoro-Medinak.

 

 

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *