Garesti daude garaipenak eta estu dago txapelketa

 

Joan den astean garaile ateratako bikoteak, Elola-Barturenek premiazkoa zuen bigarren puntua, hirugarren partida lasaiago jokatu ahal izateko. Ez dute aukera hori eskuratu, 22-16 galdu dutelako. Mata-Ibarloza bikoteak ez du deus ere arriskatu; segurua eta berriketa gutxiko jokoa egitea zen euren helburua. Eta bete-betean bete dute egiteko hori. Arerioetan Elola izan da beste muturreko jokalaria, berak egin baititu nola tantorik ikusgarrienak ala hutsik nabarmenenak. Matak oso buru argiz jokatu, eta bere egitekoa xuxen bete du.  Ez du ematen asko jokatzen duenik, baina pilotari segurua da eta jakin badaki aldioro zer egin behar duen. Atzean Ibarloza markiñarrak bikain erantzun dio, eta hurrengo baterako utzi diote Elola-Bartureni bigarren puntua lortzeko ametsa.

Peru Labaka-Alduntzinentzat ere hil ala bizikoa zen gaurko partida, lehendabizikoa galdua zutenez. Aurreneko puntuaren bila plazaratu dira, bestalde, Iker Salaberria eta Julen Aizpuru ere. Partidu estua izan da uneoro, aldi batean pentsa zitekeen Iker eta Julenen alde etor zitekeela garaipena. Partida nahikoa azkenetan zegoela ihes egin die, ordea, garaipenaren usainak. Azken tantoetan trebeago ibili dira Peru Labaka eta Alduntzin, eta hor dago 22-18ko emaitzaren gakoa. Txalogarria izan da Alduntzinek pilotalekuan atzera eta aurrera ibiltzeko erakutsi duen sasoia. Nahiz eta partida borobila ez jokatu, sufritzen badakiela erakutsi du Peru Labakak. Salaberria-Aizpuruk ez dugu uste aukerak galdu dituztenik, ezta gutxiago ere. Bikote sendoa osatu dute gaur.

Peru Labaka eta Aizpuru
Peru Labaka eta Aizpuru

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *