Gamboa, Altuzarra eta… Zezeaga

Altuzarra eta Zezeaga
Altuzarra eta Zezeaga

Uztailaren 24ko partidak amaitu zirenean, Sukia pilotari ohiarekin, pilotari izandakoarekin hitz egin genuen pilotalekuan bertan, harmailetan. Ez dauka ahazturik Zaldibiako atzelariak, Saralegi amezketarrarekin, promesen mailan Antiguako Txapelketa nola irabazi zuen. Paper zaharrak miatu eta hori zer urtetan gertatu zen jakin badakigu: 1997an. Saralegi-Sukiak 22 Leiza-Otxandorenak 16. Handik urte batzuetara, laurok profesionalen artean jokatzen ikusi genituen.

Ikusitako jaialdiari buruzko iritzia eskatu genion Sukiari, eta gauzak argi eta garbi zeuzkan:

              −Izen batzuk aipatu behar banitu, bi egingo nituzke. Azken partidan, asko gustatu zait Altuzarra errioxarra.  Oso tanto gutxi galdu ditu eta pilota asko eraman du. Lerena-Altuzarraren garaipenak oinarri hori erakutsi du. Altuzarrak oso egoki hartu dio tamaina pilotaleku berezi honi, eta bere izan da nire ustez, lauren artean hoberena bigarren partidan. Altuzarra…

               −Eta lehenengoan?

           −Hor ere atzelari bat nabarmendu da, nire ustez. Gamboa deitzen omen da, Arbizukoa… Egundoko heldutasunez jokatu du hasieratik bukaerara…

               −Zenbat urte dauzka?

               −Hemezortzi.

               −Pozik ikusiko nuke Antiguoko frontoiak baino kuadro gehiago duen batean. Oso egina, pilotari egina iruditu zait, adin horretarako. Partida oso ederki “irakurri” du… Hor pilotaria dagoela esango nuke.

               Galdera gehiago egin gabe luzatu du haria Sukiak. Ez ditu ikusi, antza, pilotariok sarritan.

               −Aizu, Zezeaga asko gustatu zait. Sueltoak ditu bi eskuak… Ez al dute profesionalekin probatu? Merezi luke  probatzea mutil honek. Eta aita etortzen al da Antiguora?

               −Aurreko urteetan behin baino gehiagotan egon da, baina aurten oraingoz ez. Ez dugu ikusi.

Sukiak, bere garaian atzelaria izaki, batez ere atzelariengan ipini zituen bere begiak, eta atzelariek eman zioten atentzioa. Egia esan, eta inor nabarmentzekotan, meriturik gehien egindakoak Gamboa, Altuzarra eta Zezeaga izan ziren, nahiz eta azken honek bere partida galdu. Beste ondorio bat: Lerena-Altuzarrak beste partida bat jokatu beharko lukete Antiguon, joan den asteazkenekoan bikote handia osatzen dutela erakutsi zuten eta.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *