Elola-Bartunerek bigarren puntua lortu, Alberdi-Olaizolak 22 P.Labaka-Alduntzinek 18; hauek aukera guztiak galdu dituzte

 

Peru Labaka

Partida bukatu orduko ikuslea txaloka hasten denean, bistakoa da pozik geratu dela ikusitakoarekin. Horixe gertatu da asteazken honetako partida nagusiarekin. Galtza eta alkandora zuriarekin ez baina, laneko buzoarekin irten dira lau pelotariak ikuskizunaren mesedetan frontoira. Jendea berehala ohartu da horretaz. Tanto bakoitzak balio handia zuen gaurkoan, eta sarritan gertatzen den bezala, aurreneko zatian  erabaki da ikuskizunaren epaia. Jon Alberdik aise sartu ditu tantoak eta Jon Olaizola ez du inoiz amore eman atzeko kuadroetan… ordu erdiz.

Aitaren batean jarri zaie markagailua aldapatsu Labaka eta Alduntzini: 12-3. Hurrengo tantoetan ere aldeari egoki eutsi diote Alberdik eta Olaizolak, eta une batez 19-9 islatzen zuen tanteoak. Nahiz eta partidua oso zaila eduki, Labakak eta Alduntzinek ez dute une batez ere laneko buzoa erantzi, eta etsi gabe, tantoz tanto, hurbiltzen hasi zaizkie… 21-18raino igo da tentsioa. Oso tanto gogorrak ziren guztiak; pilotariak izerdi patsetan; ikuslea zer gertatu behar zuen galdezka. Giroa gori-gori. Nekea ere ate joka zebilen, urduri.

Kirolak lojikarik ez omen du; hori aitortzen dute aditu batzuek. Zenbait kasutan horrela gertatzen  da, baina gehienetan oso modu zorrotzean aplikatzen da lojika. Gaur ere bai. Ibilian ibilian, aurretik tanto asko egin duenak ukitu du garaipenaren atea. Horrez gainera,fortunaz ere ez dira ibili oso jantziak Peru eta Alduntzin. Sakez egindako falta hura ere, eta txapara joan direnak…

Ez zaie inongo meriturik kendu behar Alberdi-Olaizolari. Oso serio hartu dute txapelketa eta argi eta garbi dago aurre-aurrean ibiliko direla aurtengoan. Bigarren puntua ere zorroan daukate.

Beste irabazleak gaurko jaialdian Elola eta Barturen izan dira Ariztegi eta Artolaren aurka: 22-12. Garaileen nagusitasuna ez dago solfan jartzerik. Baina, Ariztegi (17 urte) Lekarozkoa eta Basauriko Artolaren gauza asko gustatu zaizkigu.  Pilotalekua esijentzia handikoa da eta ongi ezagutzen ez dutenentzat deserosoa suertetzen da zenbaitetan. Horrelako zerbait gertatu zaie gaur. Arrotz sentitu dira. Lasaitu galanta hartu dutenak Elola eta Barturen izan dira bigarren puxtarriarekin

Ea osteguneko partidek gaurkoek bezala interesaren zuzia pizten duten. Poxpoloak eramango ditugu badaezpada ere. Ea txaloaren beroa sentitzen dugun berriro.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *