Bi partida tristeren kronika nagia

 

Jendeak inoiz ez bezala erantzun du astearte arratsalde jaialdi honetan. Harmailak beterik, pilotazalea jaialdi atsegin baten esperoan… Ezer gutxi ikusi du, ordea, baliozkorik. Promesen sailean Andoni Gaskue izan da nabarmendu dena. Iazkoa bide berean dabil, hau da, pilotari izan nahi duela behin eta berriz erakutsiz. Heldutasun puntu ederrean dago Larraintzarkoa. Zizurkildik etorri zaigu han eskolaren kimu berria: Julen Alberdi. Lehenbiziko partida gure pilotalekuan jokatzeko nahikoa egoki aritu da, oso pilotaria dela erakutsiz. Zizurkilgo eskolatik ernetako pilotariek ezaugarri horren jabe dira: sena handikoak direla. Jon Erasun, Peru Labaka…eta orain Julen Alberdi. Azkar samar jarri dute markagailua euren aldeko tantoz jantzirik. Carregal-Osa bikoak ez dituzte Alberdi-Gaskue behar bezala estutu. Azkenean: 22-14 Alberdi-Gaskueren alde.

Elite sailean oraindik ere nabarmenagoa izan da Eneko Labaka-Iñigo Bikuñaren nagusitasuna. Hemeretzi urte bete ditu gaur Hodei Exposito, eta ez du modu onenean ospatu hain egun seinalatua. Ez da inoiz partidan murgildu; burua beste lekuren batean zeukan. Gauza beretsua esan behar Logroñotik ilusioz beterik hurbildu den Jorge Sanchezi buruz ere. Oso maila eskasean jardun da errioxarra. Iaz erakutsitako maila ez du harrapatu inondik ere.

Alde ederreko bidea hartu dute Labakak eta Bikuñak. Hasiera hasieratik heldu diote partidari gerri-gerritik. Partida bat irabazia, bestea galdua… Hil ala bizikoa zuten gaurkoa. Hori jakinik, oso serio jokatzea erabaki eta aise menderatu dituzte lehia eskaintzera etorri eta bide bazterrean geratu diren Exposito-Sánchez. Bikote honek gauzak hobeto egiten al ditu finalerdietara pasatzea amesten badu…Azken emaitza 22-8 izan dela kontuan harturik, ez dago  ezer gehiago erantsi beharrik kronika nagi honi. Ea biharko jaialdiak animoak suspertzen dizkigun. Horren premian geratu gara astearte arratsalde honetan.

Eneko Labaka

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *