Bi bider “eskerrik asko”, Iraitz

Joan den astearteko arratsaldea ez zaigu berehala ahaztuko Txapelketaz arduratzen garenoi. Bostak hogei gutxi ziren, eta hara hor sakeleko telefonoa nola hasten zaidan jotzen eta:

−Bai, esan−galdetzen dut.
−Aizu, Xabi Zubiria naiz. Gaurko partidan parte hartzeko modurik ez dut izango, lanean burdin ixpi bat begian sartu zait eta.
−Nola hago?
−Eritetxe bidean, eta ez dakit zer esango didaten. Litekeena, baina oso zail daukat jokatzeko. Gauzak ondo joanda ere, borroso samar ikusiko omen dut, kolirioaren eraginez… Horrela ez daukat jokatzerik, ezta gutxiago ere. Zubizarreta daukazue jokatzeko moduan. Hots egin eiozue.
−Egindako aberia ahalik arinena izan dadila, Xabi, eta animo. Elkarren berri izango diagu.

Iraitz Zubizarreta

Oraingoan geure telefonoa dantzan, Ataun aldera deika. Zubizarretak baietz, etorriko zela jokatzera. Kirol-poltsa prestatuko zuela eta garaiz etorriko zela pilotalekura. Esan eta egin, agindu eta bete…seiak laurden gutxirako Antiguako pilotalekuan zegoen Iraitz Zubizarreta. Zerua ireki zitzaigun. Eskerrik beroenak, laguntza horrengatik, Iraitz.

Gero, kantxan bertan, behin eta berriz erakutsi zuen tantoa sartzeko gaitasuna bizi-bizirik daukala. Ez naiz gauza zenbat sartu zituen esateko baina, mordoska polita lortu zuen, eta Iñaki Elolak ez zekien nola jokatu. Egun txarra zeukalako? Ala, Zubizarretak neurria hartu ziolako? Bigarren galdera honetan egon zen, nire ustez, gakoa. Erotu egin zuen ataundarrak Bidaniakoa. Aise irabazi zion Zubizarreta-Iker Elizegi bikoak Elola-Sánchezi. Erakustaldi beikaina eskainita etxeratu zen Iraitz Zubizarreta. Honengatik ere, eskerrik beroenak ataundarrari.
Azken oharra. Xabi Zubiria ari da sendatzen, eta ondobidean, laister ikusiko dugu berriro zuriz jantzita gure pilotalekuan. Hori opa diogu. Aupa, Xabi.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *