Azpeitia, bide onean

murgiondo-moztuta
Murgiondo iaz finalean sartu zen

Igande honetan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Hernaniko pilotalekuan Berria torneoari dagozkion azken partidak jokatuko dira. Doneztebeko Erreka eta Azpeitiko Ilunpe elkarteetako pilotariak neurtuko dira txapelak etxeratu nahirik. Inoiz ez dute Berria lehiaketa irabazi eta interes handia dago alde bietatik dinamika hori puskatzeko. Ea noranzko bidea hartzen duten txapelek.

 Bestalde, azpeitiarrek iaz lortutako titulua berritu nahi dute Gipuzkoako Herriartekoan. Oso aurrean dabiltza, eta helburu nagusia finaletan parte-hartzea dute. Lortu ala ez, kontua zera da: bateon batzuk gogotik ari direla lanean horrelako fruituak jasotzeko. Hori ez dago ukatzerik. Urte dezente daramate erreferentzia izanez, eta hori ez da gauetik goizera lortzen dena. Luzaz eta ondo egindako lanaren ondorioa baizik.

Ilunpe elkartean dabiltzan zenbat pilotari ikusiko ote ditugu aurten Antiguako Txapelketan? Iaz bi gutxienez baziren: Murgiondo, Alberdi… Eta lan ona eskainita joan ziren. Murgiondok finala jokatu zuen, nahiz eta Arteaga-Erasunen kontra 22-10 galdu. Ez zen hura izan Murgiondoren partidarik onena.

 Bai, eta zenbat Ilunpetar aurten Antiguan? Uztailaren 4an jakingo dugu, ilunabarrean, baina zurrumurruek diote lau izango direla gutxienez. Ez da kopuru txarra.

Itzul gaitezen txapelketetara. Gipuzkoan ez ezik, Bizkaian ere azken arnasetan dute Herriartekoa. Larunbat honetarako daude deituak Markina eta Munitibarko pilotariak Arrigorriagan. Goliatentzat txapela ala Dabid txikiak eramango ditu ohore guztiak? Larunbatak argituko digu.

 

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *